Hamaika hizkuntza mintzatzen dira Donostian. Gehiago ere 
bai. Aniztasun hori sustatzeko asmoz, Marga Berra Zubietak 
Donostiako hamaika eleaniztun gonbidatu ditu zenbait 
tailerretan parte hartzera, hitzekin jolasteko. In varietate concordia proiektuak zubi fonetikoak eraikitzen ditu euskara, espainiera, frantsesa, ingelesa, katalana, poloniera, txekiera, finlandiera, albaniera, wolofera eta arabieraren artean.

Hitz batek beste hizkuntza bateko beste hitz baten ahoskera berdina ukan dezake, baina esanahi erabat desberdina. Jostatzera gonbidatzen duen kointzidentzia da. 
Egiaztapen horretatik abiatzen da In varietate concordia, mugak gainditzeko eta hizkuntzen artean zubiak eraikitzeko, homofoniaz jostatuz. Hizkuntza ezberdinak, baina hots berdinak. Esanahi ezberdinak, baina pareko hitzak.

Donostiako hamaika parte hartzaileri esker, hamaika hizkuntzen arteko lotura fonetikoak eta itzulpenak aurkitu ditugu. Hiru denboratan eraiki da jokoa. Lehenik, tailer denboran homofonoak aurkitu; ondoren, hitzek elkar topatu dezaten esaldiak eta ipuin bat idatzi; eta azkenik, homofono horiei Katu katu & co liburuaren orrietan eta 2016ko maiatza eta iraila artean Donostiako kaleetan egongo diren afixetan bizia eman.

Ikerketa honek aktore edo jokalari bilakatzen diren irakurleekin partekatua izatea du xede, horiek ere aurkitutako zubi fonetiko-poetikoekin jostatzera gonbidatuak baitira.